Amara Berri Sistema

Aurkezpena

Ikertzea, saiakuntzak egitea eta berritzea Amara Berri Sistemaren ezaugarriak izan dira eta dira. Hezkuntza-asmoaren, praktikan jartzearen eta ikastetxearen antolamendu eta prestakuntza egituren arteko koherentzia bermatzea gure lehentasunetako bat da.

Gaitasunetan oinarritutako curriculumaren marko teorikoa garatzen dugu, eta ikasgeletako jardueretan zehaztu; horrek metodologia-aldaketak dakartza gure hezkuntza-jardunean eta antolamendu-aldaketak, berriz, antolatzeko moduan. Aldaketa horiek, aldiz, hezkuntza-komunitateak osatzen dituzten elementuen arteko rol berriak eta gauzak egiteko modu berriak sortzen dituzte. Gure ikastetxeetan proiektu globalak abian jarrita, norabide horretan aurrerapausoak ematen ditugu.

Gure ustez, garrantzitsua da, ikuspegi global batetik, sortzen ditugun ekimen guztiak eskola bakoitzaren kulturarekin bat egitea. Izan ere, kultura hori propioa da eta eten gabe hazten ari da; bertan, denok sentitzen gara inplikatuta eta hobetzea helburua ez ezik bitartekoa ere bada.

AMARA BERRI SISTEMA KONPETENTZIAK GARATZEKO PROIEKTU GLOBALA

1979an, Loli Anauten zuzendaritza pedagogikoaren pean, Donostiako Amara Berri HLHIn proiektu bati ekin zitzaion, eta proiektu hori garatzen eta sendotzen joan da, ikastetxe-sare bat eratu arte.

Gure Hezkuntza Proiektuaren ardatza ikasleari buruz daukagun kontzepzioa da. Ikasle bakoitza izaki globala denez, pertsonaren garapen emozionalari, sozialari eta kognitiboari ematen diogu garrantzia.

 

Ikasleak bere interesak ditu, bere motibazioak eta horien artean jolasa nabarmentzen da.

Pertsona bakoitza besteengandik desberdina da, norbera, kontzeptu eta emozio eskema jakin batetik abiatzen da eta bere ahalmena du. Gure helmuga haurraren garapen harmonikoa eta globala suspertzea da.

 

Indibidualizazio kontzeptua desberdintasun eta aniztasun kontzeptuekin biziki lotuta dago eta eskola komunitatea osatzen duten pertsona guztiak jasotzen ditu. Beraz, proiektu hau ikasleentzako ezezik eskola elkarte osorako da, izan ere, norberaren eta taldearen hazkunde proiektutzat hartzen dugu. Desberdintasunak, aniztasunak, eskola osatzen du, gure ustez ezberdintasuna ezaugarri bat da, izateko modu bat eta ez faktore diskriminatzailea. “Oinak ditugun lekuan bizi gara. Orduan, zergatik ez gara  baliatzen bizitzako une honetaz gauza gehiago ikasteko?” (Loli Anaut )

 

Ikasleari buruz dugun kontzepzioak badu eragina programatzeko, ebaluatzeko eta esku-hartzeko moduan.Hori dela eta pertsonaren garapen globala ahalbideratzen duten antolamendu eta prestakuntza egiturak erabiltzen ditugu. Ezaugarri metodologikoek gure praktika definitzen dute, eta praktika eta hezkuntza asmoaren arteko koherentzia bermatzen dute. Jolas-jardueren bidez programatzen dugu, bizi-jarduerak dira eta bertan arloak erlazionaturik daude, nahiz eta hoietako bat nagusitu. Jarduera hauek gune sozialak, egonkorrak eta osagarriak dira. Lan-gune hauen antolamendu sozialak emozioak agertzea eta elkarrekintzan aritzea bultzatzen du. Elkarrekintzari esker eskema kontzeptualak eta jokabideak aldatzen doaz eta aldi berean norberaren eta taldearen identitatea garatzen da.“Eskolan bizitza errealean bezala ikasi behar da”, esaten zuen Lolik.

 

Antolamendu honetan lan-guneak egonkorrak dira zikloan zehar, beraz, ikaslea aldian-aldian eta sistematikoki gune beretik igarotzen da. Egonkortasun honek gune bakoitzak eskaintzen duen jakintzan sakontzeko eta gaitasunak garatzeko aukera eskaintzen dio ikasleari. Lan-guneak osagarriak dira, bakoitzean bai kontzeptu garapenak eta bai emozioak eta gizarte egoera ezberdinak garatzen dira. Jarduera guztien baturak currikuluma osatzen du.

Mediateka eta baliabide gunea oinarrizko informazio iturria da, departamentuetako jarduerak aurrera eramateko.

 

Lan metodoak jarduera egiteko prozedura segida, ordenatuak eta sistematikoak dira, autonomia maila garatzen eta lan-prozesuaren nondik norakoa zehazten laguntzen dio ikasleari.

 

Jarduera guztiek zertarako bat dute bere baitan, egitearen gozamenean edo eta kanpora duten irteera: irratia, prentsa, telebista, interneta, erakusketa, azalpena eta ikuskizuna. Jarduerari emango zaion irteerak, aukeraketa, planifikazioa, sorkuntza, baliabideen erabilpena, erabakiak eta erantzunkizunak hartzea baldintzatzen du. Aurrera pausuak ematen lagunduko duen kritika eraikitzailea ahalbidetzen du.

Adin nahasketa aniztasunaren esparrua eta elkarrekintza soziala  zabaltzen duen beste elementu bat da. Zikloko programekin lanegiteko aukera ematen digu. Programaren diseinuak norberaren mailan eta erritmoan aurrera egiteko eta norberaren ahalmena bete-betean garatzeko bidea ematen du. Bizitzarako tresnak eta konpetentziak sustatzen dituen programa, alegia. Azken finean, ikasle bakoitzari aukeratzeko, pentsatzeko, adierazteko, norbera den bezala agertzeko eta bere berezitasunez jabetzeko aukera eman nahi diogu. Pertsona gogotsuak, jakinmina dutenak, biziak eta eraikitzaileak izatea nahi dugu eta norbanako eta taldeko erronkei sormenez, konfiantzaz, arduraz eta zentzu kritikoz ekitea.

Gure heziketa jardueran eskola- komunitate osoak batera egiten du lan, hezkuntza kalitatea, hobetu nahian.